viernes, 23 de noviembre de 2007

DROGAK

Orokorrean drogak sustantzia arriskutsuak edota arazotsuak direla uste da, hori jakinda ere, denok jotzen dugu, noizbehinka bada ere, beraien kontsumora. Herri mailako egoera zein den eta zein izan daitekeen argi utzi nahian hurrengo lerroak idatzi ditugu, drogekin muga bat dagoela eta muga hori norberak eraiki beharreko muga dela argi utziz. Primeran pasa, pasatu gabe

Hainbat droga kontsumoen normalizazioa. Gaur egun alkohola, tabakoa eta baita canabisa kontsumitzea ere oso arrunta da edozein gazteren inguruko bizitzan. Jakina denez, aurreko hamarkadetan, drogak interes ekonomiko, sozial eta politiko batzuk asetzeko izan ziren erabiliak. Gaur egun berriz, nabaria ez izan arren, antzeko interesak asetzeko erabiliak izaten ari dira. Esan bezala Euskal Herriko egoera dena delarik, askatasun osoz sentitzen gara drogak kontsumitzerako orduan. Baina estatura joz gero berriz, gauzak asko aldatzen dira (estatuan libertate askoz gutxiago dago drogekin). Honek guztiak zer pentsatu ematen digu eta esandako guztia baieztatzeko moduan aurkitzen gara.
Honek dakartzan ondorio zuzenak mafien gorakada, gobernuaren aberastea, droga kontsumoaren goraka (normaltasunezko kontsumoa ikusteak kontsumoaren gorakada dakarrelako) eta gazteria pasiboa izango dira.

Gazteen artean dependentzia handia dago drogekiko, gazteok elkarrekin harremanetan jartzeko ezinbestekotzat eta beharrezkotzat ditugu. (ondo pasatzeko, barre egiteko, lotsa kentzeko). Gure herriko kulturaren zati da kalera irten eta “pote” batzuk hartzea, sarri lagunartean afari eta bazkariak egitea edota jairik jai lagun artean ibiltzea. Beraz, esan daiteke gure ohiturak eta kulturak drogen kontsumora bideratzen gaituztela. Ohitura horien harira, bada bestalde Euskal Herrian, eta kasu honetan Otxandion, droga kontsumora garamatzan eta kontuan hartu beharreko beste faktore bat: tabernak dira. Tabernak gazte koadrila askoren topaleku dira, egunero ez bada ere, astebururo ordu luzez izaten gara hauetan. Hauek, aisialdi kontsumistaren baitan kokatzen direlarik.
Honen guztiaren ondorio nagusia, gazteria drogak mugitzen diren ingurunetara mugatuko dela da. Hau da, gazteriak bere aisialdia kontzertu nahiz bazkarietara mugatuko du, (hitzaldiak eta eztabaidak bezalako ekintzak alde batera utziz) bertan droga eskaintza bat dagoelako eta beste gazteekin harremanetan jartzeko beharrezkoak ditugun droga horiek aurkitzen ditugulako.

Gabezia handia dago drogen inguruko hezkuntzan, askotan gazteak bere kabuz bilatu behar izaten duelarik heziketa hori. Aipatutako informazio ofizial horren eza dela eta, gure gorputzean hainbat aldaketa eragiteko erabiliak izaten diren droga asko, ez dakigu ez zer diren, ezta zer konposatu dituzten, ezta nondik datozen ere. Beraz informazio falta ikaragarria dago, eta hau dela, droga askoren ondorioak ezagutzen ez ditugunez izugarrizko kontzientzia falta dago gazteon artean. Informazio eta kontzientzia falta horren atzean, alde batetik, gazte askoren jakin-min eza (ez dute jakin nahi) eta bestalde gizarteak sustantzia hauen inguruan ematen digun informazio manipulatua dago. Askotan gobernuak, gobernuz kanpoko erakundeekin batera, drogen kontzientziazko kanpainak jartzen ditu martxan, bai eskoletan eta baita kalean ere. Baina lerro hauetatik kritikatzen dena kanpaina hauek diseinatzeko orduan ez dela gazteen ikuspuntua kontuan izaten. Hau da, kanpaina hauek “aditu” batzuek diseinatzen dituztela gazteen ardurak eta jakin-minak kontuan izan gabe. Beraz, askotan, gobernuak nahi dituen puntuak jorratzen dira eta gazteak informazio hau jasotzerakoan, bere interesekoa ez denez, alde batera uzten du.

Drogen ondorio ukaezin bat da PASIBITATEA. Gaur egungo gazte askok kontsumorako baliabide ugari dituzte, baina aldi berean heldutasunean hutsune handiak ere bai. Erabakiak hartzeko, norbanakoaren auto-estimua eraikitzeko eta egunerokotasunean bizitzak jartzen dizkigun oztopoak gainditzeko arazoak izaten ditugu. Guzti honek frustrazioak, gure buruarekin gustura ez egotea eta kontradikzioak izatea dakartza. Honi aurre egin nahian edota arazo hauek ahaztu nahian gazte askok drogen kontsumora jotzen dugu.
Geroan, esandakoaren ondorioz, bakoitzak hartu beharreko erabakiak besteen eskuetan usten dira konformismoa bultzatuz, pertsona aislatu egiten da (indibidualismoa bultzatuz) eta inguruan gertatzen denarekiko interes falta izaten da.

Aisialdian, ikasketetan eta lan munduan… droga kontsumo arazotsuak ematen dira. Gaur egun presaka, korrika eta lehian bizi garen gizarte honetan, askotan gazteok ezin izaten dugu munduak daraman erritmo honetara ohitu. Beraz, langile batek edota ikasle batek azterketa garaian errendimendu handiagoa lortzeko asmotan drogen kontsumora jotzen du. Hauekin ordu luzez lanean edota ikasten aritzen direlarik.
Aipatutako guztiaren ondorio garbi eta larriak ondokoak direla uste da: Atentzio falta, memoria falta, emaitza kaxkarrak lortzea, lan istripuak izatea…

Aisialdia aberastasun pertsonala, satisfazioa eta sormena ekar ditzakeen denbora izan daiteke. Bestalde, inertziaz eta pasibitatez betetako denbora izan daiteke. Astea bukatzen da, lana eta eskolak bukatzen dira, eta askok gogokoen ditugun aktibitateak egiteko nahia izaten dugu ahalik eta hoberen pasatzeko. Baina askotan gizarteak ez dizkigu guk nahiko genituzkeen ekintzak martxan jartzen, eta gazte askok gabezia batzuk sentitzen ditugu gure inguruan. Ala ere, Otxandion, guzti honi erantzuna emateko beharrezkoa den tresna badaukagu: Gaztetxea edota Gazte Asanblada. Gazteok, faltan botatzen ditugun aisialdirako ekintzak sortu ditzakegu bertan eta beste gazte askoren laguntza jaso dezakegu. Otxandioko gazteok gauzak antolatzeko bideak bertan ditugu.
Argi dago gogokoen ditugun ekintzak aurkitzeko bide egokiena berauek antolatzen eta sortzen dela. Ekintza denak jende motibatuak hartutako konpromisoarengatik atera dira aurrera. Aurretik aipatutako pasibitate, konformismo, indibidualismo eta abarrei aurre eginez.